NOLA ADITU AINGERU BATEN OIN-HOTSAK

 

Berauok entzun nahi dituzten bi egon behar dira.

Elkarri begietara begiratu behar diote, adi-adi. Isiltasun handia egin behar dute. Isiltasunak soinu berezia du. Entzun. Asko entzun eta elkarri asko begiratu.

Hasieran, agian, ez da deus adituko. Ez dio axolarik. Entzun. Asko entzun eta elkarri asko begiratu. Agian, ez da oso soinu garbia izango. Agian, urrun-urrunetik esandako sekretua bailitzan adituko da.

Entzun. Asko entzun eta elkarri asko begiratu.

Barren-barrenean, isiltasunak aingeruen sekretua gordetzen du.

Oharra: Denbora luze igaro ondoren, oraindik ere ez bada deus entzuten, berriz ekitea da onena. Litekeena da ariketa  honek iraun bitartean bien aingeru zaintzaileak aditzen egotea, asko aditzen eta elkarri begiratzen. Hala balitz, entzumena findu behar da, aditu daitekeena beraien hegoen hegaldi etengabea eta ia geldia  baita.